64. zenbakia · 2007 (3)

Kale erabilera datuak aztertuz, gazteei begira

Olatz Zabaleta
Euskararen erabileraren sustapenean aritzen garenok behar beharrezkoak ditugu aldian behin bilakaera soziolinguistikoak adierazten dizkiguten ikerketak. Ezagutza datuak izaten dira datu horietako batzuk eta azken urteetako bilakaera orohar baikorra da, batez ere Hego Euskal Herriari dagokionean eta haur eta gazteen arloan. Erabileraren gaineko kezka gero eta zabalduago dagoen honetan kale erabileraren neurketa ezinbesteko datua da eta ildo horretan Soziolinguistika Klusterrak gidatzen duen taldeak egindako lana eskertu beharra dugu. Datuei begira 2006ko urrian egindako V. Kale Erabileraren Neurketako datuek irakurketa gazi-gozoa eragin digute. Gozoa Euskal Herriko datu orokorrek, motel bada ere, gorazko joera adierazten dutelako; baita orain arte beherazko joera adierazten zuen Arabak ere joera aldatu eta gorazko bidea abiatu duela ematen duelako ere. Halaber, Nafarroa egonkor mantendu da oraingoan ere, Gobernuaren aldetik izan dituen laguntza eza eta traben gainetik.