64. zenbakia ·
2007 (3)
Kale erabilera datuak aztertuz, gazteei begira
Olatz Zabaleta
Euskararen erabileraren sustapenean aritzen garenok behar beharrezkoak ditugu
aldian behin bilakaera soziolinguistikoak adierazten dizkiguten ikerketak. Ezagutza
datuak izaten dira datu horietako batzuk eta azken urteetako bilakaera orohar
baikorra da, batez ere Hego Euskal Herriari dagokionean eta haur eta gazteen arloan.
Erabileraren gaineko kezka gero eta zabalduago dagoen honetan kale erabileraren
neurketa ezinbesteko datua da eta ildo horretan Soziolinguistika Klusterrak gidatzen
duen taldeak egindako lana eskertu beharra dugu.
Datuei begira
2006ko urrian egindako V. Kale Erabileraren Neurketako datuek irakurketa gazi-gozoa
eragin digute. Gozoa Euskal Herriko datu orokorrek, motel bada ere, gorazko
joera adierazten dutelako; baita orain arte beherazko joera adierazten zuen
Arabak ere joera aldatu eta gorazko bidea abiatu duela ematen duelako ere. Halaber,
Nafarroa egonkor mantendu da oraingoan ere, Gobernuaren aldetik izan dituen
laguntza eza eta traben gainetik.