66. zenbakia ·
2008 (1)
Itzulpen automatikoa: aukerak, arazoak eta erronkak
Iñaki Alegria, Arantza Diaz de Illarraza, Gorka Labaka, Mikel Lersundi, Kepa Sarasola
Sarrera
Itzulpen automatikoa informatikaren sorreratik datorkigun erronka da. Hasierako
konputagailuetarako bilatu ziren lehenengo erabilpenen artean bi erronka zail
zeuden: xakea eta itzulpen automatikoa. Mende erdi geroago, lehenengoan adituen
maila berdintzera edo gainditzera iritsi den bitartean, bigarrenean asko falta
da oraindik hori lortzeko. Egun itzulpen-sistema automatikoek lortzen duten
kalitatea oso urrun dago pertsona itzultzaileek lortzen duten kalitatetik. Hala
ere, lan errepikakorrenetan teknologiak asko laguntzen die itzultzaileei eta
itzulpen-enpresetan derrigorrezko bihurtu dira laguntza-sistemak. Bestalde,
antzekotasun handiko hizkuntzen artean itzulpenak egiteko edo bestela itzuliko
ez liratekeen dokumentuen itzulpen-zirriborroak edukitzeko, gero eta gehiago
erabiltzen da itzulpen automatikoa.