62. zenbakia ·
2007 (1)
Ikerketa-egoera euskalduntze-alfabetatzean
Josu Perales
1. AURREKARIAK
Euskara helduaroan ikastea ez da lehenengo begiratuan irudi lukeen bezain
gertaera berria. XX. mendearen hasieran hainbat eta hainbat liburu eman ziren
argitara euskara irakasteko eta lantzeko asmoz. Garai hartako izenburuak oso
esanguratsuaK dira: “Quiere Vd. hablar en euzkera? El vascuence al alcance
de todos”, “El Euskera o el baskuenze en 120 lecciones”, “Euzkel-Iztiya ó
sea gramática de la lengua vasca según el método de Ollendorf”...
Liburu horiek ikuspegi erabat gramatikala zuten. Latinari begiratzeko eta
aztertzeko erabiltzen ziren moldeek bizi-bizirik jarraitzen zuten, aurreko
mendeetan bezala, Larramendiren “El imposible vencido” edota Lardizabalen
“Gramática vascongada” liburuak lekuko.