42. zenbakia ·
2002 (1)
Ibon Sarasolarekin elkarrizketa
Imanol Esnaola
EUSKARA "ZUZENA", EUSKARA "ONA", EUSKARA "EGOKIA"
Euskara "ona", "zuzena" eta "egokiaz" hitz egin izan duzu. Ez al dira kontzeptu berriegiak eta oraingoz lausoegiak hizkuntza lanbide duten gehienentzat?
Berez nik ez nituen kontzeptu hauek hizkuntza lanbide dutenentzat zeratu. Nik, batez ere, gauza bat nabarmendu nahi nuen: Hizkuntzaren arautze prozesuan ez ote genuen funtsezkoena alde batera utzi. Nik neuk entzuna dut behin baino gehiagotan "horrek oso gaizki idazten du" datibo pluralean "-ei" jarri beharrean "-ai" jartzen duelako edo "-eri" erabiltzen duelako. Hori disparate bat da, norma betetzea eta hizkuntza ongi erabiltzea ez dira nahasi behar, benetan inportantea ongi idaztea da. Momentu hartan guretzat oso inportatantea zen norma bat izatea eta normari eustea, baina, agian, gauzak hankazgoratu egin genituen. Eta nik uste, prozesu haren arabera, okerrago idazten hasi ginela. Arauak betetzen genituen baina bete behar horrekin askotan ez ginen horrenbeste arduratzen hizkuntza "ondo" erabiltzeaz.