61. zenbakia ·
2006 (3)
HIZNET Hizkuntza Plangintza Ikastaroa
Iñaki Martinez de Luna, Elixabet Almandoz
SARRERA
HIZNET Hizkuntza Plangintza Ikastaroa e-learning, on-line heziketa edo heziketa birtual izenekin ezagutzen den motakoa da, hau da, nagusiki internet bidez eskaintzen den horietakoa, hain zuzen. Baliteke hori izatea gradu-ondoko ikastaro honek lortu duen arrakastaren gakoetako bat, izan ere sarearen bitartez burutzen den ikasketa hauetan ikasleen joan-etorriak neurri handian saihesten direnez, horrek, azken finean, denbora eta dirua aurreztea dakar. Arrakasta diogu, euskaraz baino eskaintzen ez den halako ikastaro batek sei urtez (2001etik 2006ra bitartean) irautea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Azaldu eta azter ditzagun, ondoko lerroetan, ikastaro honen izaera eta hainbat ezaugarri.