39. zenbakia ·
2001 (3)
Hizkuntzaren indarra identitate nazionalean. Mendebaldeko Europaren esperientzia
Josep R. Llobera
Nazionalitate batean ba ote gurasoen hizkuntza baino gauza maiteagorik? Hizkuntzaren baitan sartzen da bere pentsamendu eremu guztia, tradizioa, historia, erlijioa eta bizitzaren funtsa, bihotz eta arima osoa. Herri bati bere hizkuntza ukatzea, betirako duen ondasun bakarra ukatzea da (...) Hizkuntzarekin batera sortzen da herriaren bihotza.
Herder, J. (1772)
Über den Ursprung der Sprache
Sarrera
Antropologia sozialak eta zientzia sozialek aurrerapen teorikorik ez egiteko arrazoietako bat eztabaida bizantinoetan korapilatu ohi direla da; gainera, eztabaida horietan norberaren interesak izaten dira joko-arau nagusia. Hori bereziki nabarmena da nazionalismoari buruzko azterketetan. Gure diziplinak giro istilutsu eta antzu horietan murgilduta baldin badaude, orduan garrantzitsua da horrelako egoera zergatik sortzen den galdetzea. Hainbat arrazoi behin eta berriro agertzen dira, eta beraz, aurreikusteko modukoak ditugu.