42. zenbakia ·
2002 (1)
Hizkuntzaren erabilerak filosofian
Kepa Korta
Hizkuntza da, askoren ustez, gizakia gizaki egiten duena. Beste animali-espezie batzuk hizkuntza ere badutela pentsatzen hasita, hizkuntza zer den eta giza-hizkuntzaren berezitasunak zeintzuk diren bihurtzen da orduan argitu beharreko gaia. Horiek alde batera utzita, gizakiok geure hizkuntzari ematen dizkiogun erabilerei buruz arituko gara hemen. Hizkuntzak zertarako balio duen, zertarako darabilgun, galdetzen hasita ugariak dira bururatzen zaizkigun erantzunak[1]:
Beharrezkoa ez den nerbio energia eragozgarria botatzeko
besteren (pertsona nahiz animalien) mugimendua zuzentzeko
ideien komunikaziorako
adierazpide gisa
erregistro xedeetarako
materia mugimenduan jartzeko (magia)
pentsamenduaren tresna gisa
soinu huts gisa gozatzeko
filologoei lana emateko
Bederatzi hauetaz gain beste asko sar ditzakegu zerrendan baina daudenak ere denak maila berekoak ez direla ohartzen gara berehala. Honako honetan hizkuntz erabilerei buruz filosofiaren ikuspegitik egindako ohar laburrak jasoko ditugu. Ez dugu aztertuko filosofoek hizkuntzaz egin duten erabilera, filosofoek aztertu dituzten hizkuntz erabilerak baizik. Eta, noski, ez dugu filosofiaren historia osoa aintzat hartuko, hori ezinezkoa baita. Egia esan, filosofiaren historiako zati txiki bat baino ez dugu hartuko, XX. mendekoa. Eta ez bakarrik lanaren luzerari buruzko arrazoizko mugengatik. Izan ere, hizkuntzaren filosofia, hizkuntza aztergai propiotzat duen filosofiaren alorra, XX. mendearekin batera jaiotzen da eta ordutik aurrerakoak dira filosofoek hizkuntzari buruz esaten dituzten gauza zentzudun eta sistematikoenak.