62. zenbakia ·
2007 (1)
Hizkuntza plangintzak eta euskalduntze-alfabetatzea, elkarren osagarri
Arkaitz Zarraga
1. EGOERAREN DIAGNOSTIKOA
Honako artikulua, HIZNET ikastaroko sakontze egitasmoan oinarrituta dago,
http://hiznet.asmoz.org/images/stories/ikerketa_lanak/AZarraga,LMartinez,MJaio.pdf
orrian ikusgai. Bertan euskaltegi ezberdinetako 183 ikasleri egindako inkesten
bidez burututako lan enpirikoa erabili dugu, artikulu hauetara dakartzagun
hausnarketa eta proposamenak egiteko. Ikasleek duten motibazioa aztertu dugu,
euskaltegietara bultzatzen dituzten arrazoiak ezagutzearren. Gure susmoa,
neurri handi batean tituluren bat behar dutelako etortzen direla zen, eta
neurri handian bete-betean asmatu dugu. Bide batez eskerrik beroenak eman
nahi dizkiegu HIZNET ikastarorako ikerketa egiten lagundu diguten AEK-ko Foruko
Barnetegiko eta Gernikako euskaltegiko, Basauriko Udal Euskaltegiko, Bilbo
Zaharra euskaltegiko, Ulibarri Euskaltegiko eta Zornotzako Barnetegiko lagunei.
Bihoaz eskerrik beroenak ere, noski, gure lanaren tutorea izan den eta artikulu
hau idaztera bultzatu nauen Maria-Jose Azurmendi irakasleari. Lan hori egiteko
arrazoia argia izan da. Euskalduntze-alfabetatzean urte batzuk daramatzagun
irakasleak izaki, egunerokotasunean topatzen dugun errealitateak kezkatu egiten
gaitu. Ikasgeletatik ikasle asko pasatzen dira, helburu, izaera, kezka, gaitasun,
eta sentsibilitate ezberdinekin. Baina ez dugu nabaritzen hauek euskararen
normalizazioan duten eragina egiten den esfortzuaren adinekoa denik. Euskaltegietatik
irteten diren hiztunek ez dute hizkuntza normaltasunez erabiltzeko aukerarik
eta, ondorioz, euskaldun moduan jarduteko ere ez.