48. zenbakia ·
2003 (3)
Hizkuntza normalizazioaren egoera juridikoa tokian tokiko telebistan
Bruguers Jardí
Oharra: lan hau NOVES SL Soziolinguistikako aldizkarian* argitaratu zen 2002ko udazkenean. Artikuluaren jatorrizko izenburua, “Escenari juridíc actual de la normalització lingüística en la televisió local” da.
KOMUNIKAZIO SISTEMEN ETA TOKIAN TOKIKO TELEBISTEN BILAKAERA: ERABATEKO ALDAKETA
Gaur egun, tokian tokiko telebistaz hitz egitean, ezin da aipatu gabe utzi komunikazio sistemetan gertatzen ari den ikaragarrizko aldaketa; hanka sartze handia izango litzateke. Komunikazio sistemak aipatu ditut, eta ez komunikabideak; izan ere, gure oraina eta gure geroa «telekomunikazioen, komunikabideen eta informazio teknologien arteko bateratasun eta harreman fenomenoek»[1] baldintzatuta daude. Fenomeno hori 1987an hasi zen, Llibre verd sobre el desenvolupament del mercat comú dels serveis i equips de telecomunicacions argitaratu zenean; liburu horrek lehen zirrikitua ireki zuen Europako telekomunikazioen monopolio naturalean, eta Espainiako telekomunikazioen sektorea liberalizatzeko oinarriak jarri zituen. Hain zuzen ere, estatu espainolean, liberalizazioaren esparru juridikoa ere 1987koa da[2], eta 11 urte geroago amaitu zen, apirilaren 24ko 11/1998 telekomunikazioei buruzko Legea onartu zenean. Lege horrek telekomunikazio zerbitzuen arteko bereizketa osoa bideratu zuen, ordura arte zerbitzu telefonikoarekin eta haren sarearekin lotuta ematen baitziren[3].