42. zenbakia ·
2002 (1)
Hizkuntz komunitate eta errepertorioa
Emili Boix, Xavier Vila i Moreno
Oharra: Lan hau Sociolingüística de la lengua catalana (1998, Bartzelona, Ariel arg.) eskuliburuaren La comunitat i el repertori lingüístic�» atalaren itzulpena da.
Soziolinguistikan aztertzen dugun unitate soziala hizkuntz komunitatea da: hiztun taldea. Hain zuzen ere, ezaugarritzat bere komunikazio dentsitatea eta, beraz, komunean zenbait bereizgarri dituen hiztun taldea. Bloomfield-ek (1933, ikus 3.4) idazten zuen ordurako:
«Imajina dezagun mapa oso handia eta bertan komunitate bateko hiztun bakoitzeko marka bat jartzen dugula. Eta imajina dezagun edozein hiztunek esaldi bat ahoskatzen duen bakoitzean gezitxo bat agertzen dela mapan, bere puntutik entzule bakoitza irudikatzen duten puntuetarako ibilbidea adierazteko. Denbora tarte jakin baten bukaeran demagun hirurogeita hamar urte inguru mapa horrek komunitatearen barruko komunikazio dentsitatea erakutsiko liguke [
]. Gezi sistema hori sistema moduan hartuta, esan dezakegu ahultasun lerroek bereizten dituztela azpitaldeak ahots komunikazio sare horretan».
Hizkuntz komunitate bat mugatzea erraza izan daiteke, talde txiki, isolatu eta eginkizun sozial oso finkokoetan eginez gero. Hala ere, hirietako hizkuntz komunitateak mugatzerakoan zailtasunak handiagoak dira eta Herrialde Katalanetan urbanizazio portzentajeak oso altuak dira. Hirietan, gero eta indibiduo gehiago daude sare sozial irekietan eta zatituta izaten dituzte eginkizun sozialak. Esan behar ote dugu Andorrako Printzerrian komunitateak elkarren ondoan ezarrita daudela? Edo, bestela, ama hizkuntza desberdinetako hiritarrek osatutako komunitate bakarra dagoela, eremu politiko, komunikatibo eta sozial espezifikoa partekatzen (ikus 3. grafikoa, 74. or.)? Eta galdera bera egin dezakegu Bartzelona, Valentzia, Tarragona eta Reus-eko metropoli barrutiei buruz, bai eta atzerritar asko era egonkor batean finkatuta daudeneko eremu turistikoei buruz ere. Jarraian azaltzen ditugun komunitatearen definizioek alderdi desberdinak nabarmentzen dituzte.