48. zenbakia · 2003 (3)

HITZAURRE GISA 48. ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi
  Euskara hedabideetan da 48. zenbaki honetako gai nagusia. Gai garrantzitsua da soziolinguistikaren ikuspegitik begiratuta, informazio eta komunikazio hedabideak betidanik kontsideratu direlako hizkuntza komunitate batean hizkuntza erabilera gune nagusienetako, bai orokorrean eta baita hizkuntza gutxituetako kasuetan ere; azken kasu horretan gertuko hedabideei ematen zaie lehentasuna batipat. Bestalde, gai garrantzitsua da beste edozein ikuspegi hartzen dela ere, herri baten, hizkuntza komunitate baten, edo hizkuntza baten garapen maila neurtzerakoan; badirudi ia topiko bihurtu zaigula informazio eta komunikazio hedabideak direla egungo modernotasunen, botereen, ahalbideen, eta horrelakoen adierazpen nagusienetakoak. Horregatik guztiagatik, ez da harritzekoa soziolinguistikan ere hedabideek leku berezia betetzea, bai tradizionalki (hezkuntza, administrazio, eta hizkuntza paisaiarekin batera) eta bereziki gaur egun.