48. zenbakia ·
2003 (3)
Herri aldizkariak: balantzea eta etorkizuneko erronkak
Mikel Irizar
AURKEZPENA EZINBESTEAN
Artikulu hau irakurri ala ez erabakitzeko, begiratu diozu egilearen izenari. Eta ez duzu ezagutu. Izenaren ondoan ez da ageri sinesgarritasuna emango liokeen titulurik. Hala ere, ataka gainditu eta honaino iritsi zarenez, sentitzen dut aurkezpen hau zor dizudala, gaian murgildu aurretik.
Ez naiz aditu tituluduna, hau da, unibertsitate irakaslea. Ez eta herri aldizkarien sektoreko profesionala, hedabide bateko arduraduna edo. Zerbait izatekotan aritua naiz, eta luze gainera. Arrasate Press aldizkariaren lehen alean hasi nintzen maiztasunez idazten, 1988an, eta ia etenik gabe jarraitu dut gaur arte. Haren ondorengo Goienkarian astero idazten dut zutabe bat oraindik. Eta Argiak sekulako poza eman dit berriki sartu nauenean bere azken orriko artikulugileen artean. Honainoko bidean, beste saltsa batzutan ere sartu naiz, hala nola saioak aurkezten Arrasate Telebistan eta Euskal Telebistan, edo iritzi emaile Euskadi Irratian. Duela gutxi, 1999an, aritu nintzen gaurko gaiari berariaz lotzen zaion jardunean, bi urtez nire ohiko lana utzi nuenean Goiena kooperatiba sortzeko, Debagoiena eskualdeko hedabide guztiak bilduta. Hemendik aterako ditut erreferentzia gehienak.