62. zenbakia · 2007 (1)

Helduen euskalduntze-alfabetatzea Iparraldean

Jakes Bortairu
  Ipar Euskal Herrian helduen euskalduntze-alfabetatzea aipatzerakoan bi datu azpimarratu behar dira. Lehenik, herri ekimenaz ari gara oroz gainetik. Alabaina, orain arte esperientzia puntual eta isolatu batzuk kenduta, elkarteak dira helduei euskarazko kurtsoak proposatzen dizkieten bakarrak. Salbuespen gisa aipa daitezke GRETA formakuntza organismoak eta Baionako komertzio Ganbarako hizkuntzen irakaskuntza zentroak (CEL) noizbait emandako ikastaro batzuk edota Departamenduko administrazioak bere langileentzat antolaturiko barne formakuntzak. Bigarrenik, AEKaz ari gara nagusiki, Iparraldean ikasturtean emandako ikasle orduen % 95 AEK-k emaiten baititu.