35. zenbakia ·
2000 (1)
Euskararen unibertsoa Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan 1999
Paula Kasares, Patri Arburua Etxeberria
SARRERA
Nafarroako ipar mendebaldea euskalduna da. Euskarak historikoki jasandako galera prozesuak barrendik higatu badu ere, familiaren bidezko hizkuntzaren transmisio naturalak ez du belaunaldi etenik izan, eten orokorrik ez bederen. Eskualde horietan dago euskara bizien Nafarroan eta 1986az geroztik aitortu zitzaion ofizialtasunarekin batera eskoletan eta tokiko administrazioan sartu zen.
Nafarroako iparmendebaldean ditugun eskualdeen artean (Leitzaldea, Larraun, Araitz, Sakana ...), Bidasoa ibaiak zeharkatzen dituen Baztan, Bortziriak eta Malerreka ditugu. Egun, hiru eskualdeok harreman estuak (kulturalak, administratiboak, ekonomikoak,...) dituzte elkarrekin eta osatzen duten eremuak batasun handia lortu du.