51. zenbakia ·
2004 (2)
Euskararen Datu-Basea -EDB 1.0-
Olatz Altuna, Iñaki Iurrebaso Biteri
SARRERA
Euskararen Datu-Basea 1.0 –EDB 1.0- SEI Elkarteak eta Aztiker Soziologia ikerguneak elkarlanean buruturiko egitasmoa da. Datu-base honek Udalbiltzaren laguntza ekonomikoa jaso du. EDB 1.0 euskararen datu estatistikoen biltegi bat da. Iturri batetik eta bestetik datu asko jasotzen dira, baina datu horiek sakabanatuta geratu ohi dira. EDBren lehen bertsio honek datu horietako batzuk bildu eta bateratu egin ditu, eta gainera publikoki eskaintzen ditu www.sortu.org/edb web-gunean. Horrez gain, Euskal Herri mailako estimazioak egin dira, besteak beste. Hala, lehen aldiz Euskal Herri osoko hiztun guztien datu estimatuak ditugu, lurraldez lurralde banatuta, adinaren, sexuaren eta bilakaeraren arabera. Informazio hori guztia erraz ikusi eta aztertzeko, batetik, Internet teknologia erabili dugu; eta bestetik, irudi grafiko eta mapei garrantzi berezia eman diegu.