66. zenbakia ·
2008 (1)
Euskara eta hizketa-teknologiak
Igor Odriozola, Inma Hernaez, Eva Navas
Sarrera
Hizketa da gizakiok informazioa trukatzeko darabilgun baliabiderik naturalena
eta osoena. Gaur egun, teknologia berriei esker (telefonia, irratia, telebista
eta Internet, esaterako), asko zabaldu da hizketaren eta komunikazioaren erabilera-eremua,
hizketa bidezko komunikazioak gizakiaren psikologian duen nagusitasunaren erakusgarri.
Gizakia, batez ere, idatziz komunikatzen da makinarekin, eta eragin-truke hori
ahalik eta erosoena izatea da, azken batean, hizketa-teknologien helburu orokorra,
gizakiaren eta makinaren arteko komunikazioa gizakion artekoaren ahalik eta
antzekoena izateko bidean. Aurki, hizketa izango da, beste zenbait modalitate
naturalek lagundurik, ordenagailuarekin komunikatzeko era nagusietariko bat
(Huang, 2001), eta, hizketa bidezko interakzioak oraindik erabateko heldutasuna
lortu ez badu ere, gero eta aplikazio gehiagok baliatzen dituzte hizketarekin
lotutako teknologiak.