46. zenbakia ·
2003 (1)
EUROMOSAIC, hizkuntza taldeen egoera europako batasunean
Imanol Esnaola
Oharra: Lan hau Euromosaic txostenaren laburpena da (P. Nelde; M. Strubell; G. Williams (1996): Euromosaic, producción y reproducción de los grupos lingüísticos minoritarios de la UE. Luxenburgo, Argitalpen Ofizialen Bulegoa[1].
1992an Europako Komisioak, garai hartan Batasuneko kide ziren 12 estatuetako gutxitutako hizkuntza taldeei buruzko ikerketa esleitzeko deialdi publikoa egin zuen. Lehiaketaren ondoren egitasmoa lau zentroren eskutan gelditu zen[2].
Bi eginkizun nagusi bete behar zituen ikerketak:
1.- Hizkuntza talde bakoitzari buruzko hainbat lan egitea: hizkuntza eta bere ezaugarri linguistiko eta literarioen deskripzioa; egoera juridikoa, politikoa, administratiboa eta sozio-ekonomikoa aztertzea; gizartean duen erabilera ikertzea (adin taldeen erabilera barne); haur eta gazteen eskola eta eskolaz kanpoko erabilerari buruzko datuak biltzea; hedabideetan duen erabilera; eta bizitza profesional eta komertzialean duena.
2.- Ikerketaren emaitzak argi eta zehatz aurkeztea hizkuntza guztientzat irizpide berdinak erabiliaz.
Lan horrek Europan egoera minoritarioan dagoen hiztun talde bakoitzarekin txosten mardul bat egitea eskatu zuen, orotara 48 txosten izan ziren, talde bakoitzarekin bat.