47. zenbakia ·
2003 (2)
Euro-hiriak zein erronka dakartza euskararen normalizazioan Lapurdi eta Gipuzkoarentzat?
Xabier Garagorri
Baiona eta Donostia artean dauden herri, giza- eta hizkuntza-talde hain desberdinak kontuan hartuta, etorkizunari begira gutasun edo komunitate sentimendua izango duen eurohiri bat osatzea nahi bada, horko biztanleriaren arteko harremanak erraztuko dituen komunikazio sare sendoa eraiki beharko da. Era guztietako komunikazio sareaz ari naiz: errepide, garraio, media, industria, merkataritza eta beste hainbat zerbitzuez. Hemen hizkuntzaren bidezko komunikaziora mugatuko gara, baina komeni da era guztietako komunikazio azpiegiturek hizkuntzaren bidezko komunikazioa baldintzatzen dutela jabetzea. Eta beste alde batetik begiratuz, elkarren arteko gutasuna sortzeko azpiegitura materiala eta funtzionala beharrezkoak dira, baina horrekin batera giza baliabideek hizkuntzaren bidezko komunikazioa ez badute konpartitzen, azpiegitura hori aparatu hutsa besterik ez dela jabetzea ere beharrezkoa da.