60. zenbakia ·
2006 (2)
Eskolaren hizkuntza-eredua harreman-sareen trinkotzearen ikuspegitik
Agurtzane Elordui
SARRERA
Hizkuntza bat normalizatzea haren harreman-sareen trinkotzean datza nagusiki: harreman-sare berriak sortuz, eta lehenago zeudenak ahalbideratuz, indartuz eta berregituratuz lortzen da trinkotze hori. Harreman-sareen artean bi mota nagusi bereiz ditzakegu. Batetik, hurbileko harreman-sareak ditugu: senide, lagun edo auzokideen artekoak dira horiek eta, gehienetan, erabilera-esparru informaletan gauzatzen dira. Bestalde, urruneko harreman-sareak daude, goi mailako zereginetan, erabilera-esparru formalagoetan, sortu ohi diren sareak.