43. zenbakia ·
2002 (2)
Erabileraren IV Kale Neurketa. Emaitzen azterketa
Olatz Altuna
Sarrera
Euskararen Kale Neurketa 1989az geroztik lau urtean behin egiten den ikerketa da. Euskal Herri osoan kalean euskarak duen presentzia du aztergai. Behaketa zuzenaren metodologiaz baliatuz neurtzen da kaleko elkarrizketetatik zenbat diren euskaraz.
Aurreko atalean aztertu dugu ikerketaren ibilbidea eta metodologia, jarraian ikerketaren emaitza nagusiak aurkeztuko ditugu: Euskal Herri mailako eta lurraldekako erabilera, bilakaera, eta gaitasun-maila eta erabileraren arteko korrelazioa. Datu horiez gain, badira neurtu diren beste aldagai batzuk ere, esate baterako adin taldeak, sexua eta haurren presentzia. Aldagai horiek BAT aldizkariko ale honen beste artikuluetan aurkezten dira.