47. zenbakia ·
2003 (2)
Baiona-Donostia Eurohiria eta euskara
Jokin Apalategi
Azken urteetan, eurohiriaz barra-barra ari gara Euskal Herriaren herrialde desberdinetan ditugun erakunde unibertsitario eta ikerketa jakintsuen kolektiboek eratutako hainbat batzarretan. Baina, hain erabilia delako, hain zuzen, beharrezko deritzot kontzeptu horrekin zer ulertzen den galdetzea edo hori darabilgunok esanahai bera adierazteko darabilgun jakitea. Gure herritar ulermenean�», hurbileko herriarenean, euskaldunok bere baitan atxikitzen gaituzten estatuen barnean, alegia, hiria, hasteko eta behin, tokiaren adierazle gertatzen da, geofisiko izenda dezakegun gune jakin bat. Are toki jakin horretan bizi den jendetza bezala ere konpreni liteke, luzamenez. Eta honela ari garenean, berehala, hiritar kontzeptua jaurtitzen dugu toki jakin horretan bizi den norbanakoa seinalatuz. Baina ulermen modu hau erreferentzia egiten badugu, zertara dator eurohiriaren aipamena? Orain arte toki desberdin zirenak, nola hedaduran geofisikoki hala jendetzan toki unitate erraldoiago bat eraikiz, bateratzen ditugula esanahi al da? Hori bada guztia, ez luke merezi hainbat batzar gai horren inguruan egiteak!