43. zenbakia ·
2002 (2)
Aurrera, baina oraindik asko egiteke
Olatz Olaso
Euskararen Erabileraren IV. Kale Neurketaren emaitzak lasaitasun apur batekin begiratzeko astia izan dugun ostean, ez gara jarriko datu guztiak aipatzen, aurreko orrietan egin duten bezala. Hausnarketa txiki bat egitearekin konforme. Ia bi orrialde hauetan interesgarria den zerbait esateko moduan gauden.
EMAITZEN GIZARTERATZEA
Gertutik begiratuta behintzat, inoiz baino hobeto zaindu da Kale Neurketa honetan emaitzen argitaratzea. Alde batetik, datuak argitaratu aurretik, ondo hausnartu da zein datu egin publiko eta baita, datu horiei buruz egin beharreko hausnarketa ere. Kale Neurketaren metodologia ezagututa, ondorio batzuk ateratzeko beharrezko ditugu, alde batetik, lagin esanguratsu bat izatea, eta bestetik, nolabaiteko segida bat lortzea. IV. Neurketa honetan, aukera egokia sortu da horretarako. Hala ere, zorionez, aurre egin zaio datu desglosatu guztiak emateko tentazioari. Hainbat udal txikitan Euskal Herri mailarako diseinaturik dagoen Kale Neurketak erabili nahi dituzte beraien udalerriko egoeraren argazki bat izateko, eta horrek ondorio okerrak ekar ditzake, neurketarentzat berarentzat eta batez ere metodologiarentzat.