63. zenbakia · 2007 (2)

Txatxilipurdi elkartearen esperientzia

Elena Herrarte
  OINARRIAK Txatxilipurdi Elkartea Arrasateko euskara elkarte bat da. Herriko haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera areagotzea du ardatz eta horretarako aisialdian kokatzen du bere eskuartzea. Aisialdia beraz, bitarteko gisa lantzen du baina elkartearen iparra euskararen erabilera indartzean dago. Aisialdia tresna gisa erabiltzeko ordea, ezinbestekoa da esparru horretan kalitatez aritzeko gaitasuna izatea eta Txatxilipurdik bere sorreratik, esparru honetako espezializazio eta etengabeko garapena bizi izan du. Honela, aisialdian espezializaturiko euskara elkartea dela baiezta dezakegu.