64. zenbakia · 2007 (3)

Neurketaren konplexutasuna

Rosa Ramos
Euskararen Erabileraren Kale Neurketa konplexua da, izan ere, alderdi asko hartu behar dira kontuan metodologia zehazterakoan eta datuak aztertzerakoan. Datuak jasotzean martxan jartzen den makineriari ere ez zaio zailtasunik falta: neurtzaile asko eta prestakuntza saio ugari Euskal Herri osoko datuak epe laburrean jasota gera daitezen. Euskararen normalizazio prozesuaren diagnostikoa egiteko horren garrantzitsua den azterketa honek ez dauzka eskura mereziko lituzkeen baliabide ekonomikoak, eta, horregatik, berezko zailtasunari gehitzen zaio pertsona askoren lan desinteresatuarekin kontatu behar izatea. Eskerrik asko, beraz, neurketa bideragarri bihurtzen duten neurtzaile guztiei.