50. zenbakia · 2004 (1)

Mondragon Unibertsitatea eta euskara: gaur egungo egoera eta etorkizuneko erronkak.

Javier Arrasate
  Sarrera gisa, laburki, deskriba dezagun Mondragon Unibersitatea, hots, atera diezaiogun argazki bat.   Hiru fakultatek osatzen dute Mondragon Unibertsitatea: Humanitate eta Hezkuntza Zientziena, Enpresa Zientziena, eta Eskola Politeknikoa. Debagoienean dago kokaturik, nahiz eta Gipuzkoako eta Bizkaiko beste toki batzuetara ere iristen den. Unibertsitate txikia da, guztira bost mila ikasle biltzen ez dituena, eta enpresara bideratzen diren titulazioetan zentratzen da (irakasletza da salbuespena), nola diren enpresen eta enpresetako pertsonen kudeaketa eta ingeniaritza. Kooperatiben munduari estuki lotuta dago. Unibertsitate kooperatiboa da, izpirituz eta funtzionamenduz. Datozen ikasleen %75a gutxienez D eredutik dator, alegia, ikasleria oso euskalduna da.