44. zenbakia · 2002 (3)

Milaurteko berriaren erronka: lan mundua euskalduntzea

Ana Urkiza
Ez dago zalantzarik, XX. mendean, eta batez ere azken hiru hamarkadetan, euskararen alorrean gauza asko eta garrantzitsuak egin direla. Baina noizbehinka, egindakoak aztertu eta egiteke dagoenari buruz hausnartzea ere beharrezkoa izaten da, eta momentu hau, XXI. mendean sartu berri garen hau, horretarako aldartea dela esan liteke. Badakigu azken hiru hamarkadetan lortutakoak asko izan direla, batez ere, hezkuntzari dagokionean. Badakigu lan munduan egin diren saiakeren berri. Instituzioek, lan horretan, izan dute zerikusirik... Baina elkarrekin bat ez datozen zenbait ikuspegi eta egitate ere bizi ditugu eta horiei buruz ere aritu beharra dago. Afera horietako bat, euskararen aldeko borrokarekiko ikuspegia da: batzuen ustez, pozgarria da aurrerakuntzak ikustea (nahiz eta ez dakigun aurrerakuntza horiek nahikoak diren). Eta beste batzuen iritziz, euskararen esparrua eskuratzeak, mailaz-mailakoa izan behar du. Hau da, eremua, esparruz-esparru irabazten joan behar omen dugu.