53. zenbakia · 2004 (4)

Metodologia sendorik gabe teoria onik ez

Xabier Isasi Balanzategi
Hizkuntzen arteko ukipen egoera gertaera arrunta da. Hau da, herri askotan jazotzen da; Europan bakarrik berrogeita hamar milioi pertsona inguru bizitzen gara egoera horretan. Halere, ez da gehiegi aztertu. Gehienetan, hizkuntza gutxitua desagertu aurreko egoera gisa ulertzen da. Baina beti ez da horrela izaten. Horra hor, lekuko, euskararen egoera. Hizkuntzen arteko ukipen egoera, bada, ezegonkorra da; aldakorra, alegia. Aldakortasun horretan hizkuntzen arteko lehia ez da beti modu berean agertzen. Hizkuntza gutxituaren aldetik iraupenerako erresistentziarik izaten ez bada erabateko desagerpena berandu baino lehenago gertaera segurua da. Erresistentzia egonez gero hizkuntza gutxitua iraunarazi daiteke. Erresistentziatik harago, berreskurapena eginkizun zaila eta luzea da.