44. zenbakia · 2002 (3)

Kontzeptu nagusiak Europako estatuetako hizkuntz eskubideak aitortzeko

Neus Oliveras
1. SARRERA Azalpen honen helburua hizkuntz eskubideen babesaren gaiari heltzean sortzen diren kontzeptu eta gai nagusiak labur aurkeztea da, batez ere Europa arloko esperientzia konstituzional eta legegileetatik abiatuta. Europako erreferentzia esparru hori eleanitza da batik bat. Eleaniztasun hori munduko estatu guztiek dute ezaugarri: gutxi gorabeherako datuen arabera, estatuen %90 eleanitzak dira, eta %75ek hizkuntz klausulak dituzte euren konstituzioetan[1]. Europako estatuei dagokienez, bereziki Europar Batasuneko estatu kideei dagokienez, gehienak estatu eleaniztunak dira, gutxi batzuk izan ezik (Portugal, Islandia eta sortu berri diren estatu nazionalak, hala nola, Kroazia...); alegia, estatu horietako lurraldean hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen da. Hala ere, gizabanakoen eta hizkuntz gutxiengoen hizkuntz erregimenarekin lotutako printzipioak eta eskubideak aitortzeari eta arautzeari dagokienez, aniztasun handia dago, aipatutako estatu horietan dagoen aniztasun historikoaren, soziologikoaren eta politikoaren ondorioz.