66. zenbakia · 2008 (1)

Itzulpen automatikoa: aukerak, arazoak eta erronkak

Iñaki Alegria, Arantza Diaz de Illarraza, Gorka Labaka, Mikel Lersundi, Kepa Sarasola
Sarrera Itzulpen automatikoa informatikaren sorreratik datorkigun erronka da. Hasierako konputagailuetarako bilatu ziren lehenengo erabilpenen artean bi erronka zail zeuden: xakea eta itzulpen automatikoa. Mende erdi geroago, lehenengoan adituen maila berdintzera edo gainditzera iritsi den bitartean, bigarrenean asko falta da oraindik hori lortzeko. Egun itzulpen-sistema automatikoek lortzen duten kalitatea oso urrun dago pertsona itzultzaileek lortzen duten kalitatetik. Hala ere, lan errepikakorrenetan teknologiak asko laguntzen die itzultzaileei eta itzulpen-enpresetan derrigorrezko bihurtu dira laguntza-sistemak. Bestalde, antzekotasun handiko hizkuntzen artean itzulpenak egiteko edo bestela itzuliko ez liratekeen dokumentuen itzulpen-zirriborroak edukitzeko, gero eta gehiago erabiltzen da itzulpen automatikoa.