53. zenbakia · 2004 (4)

Iritzia: Lionel Joly

Lionel Joly
Egoera soziolinguistikoak aztertzeko, ezinbestekoak dira errepresentazioak ondo jorratzea eta are gehiago gure ikerketak erabilera baldin badu helburu. Norbaiti galdetzen badiogu zein hizkuntza erabiltzen duen bere gurasoekin edo bere lagunekin adibidez, ez dugu jakingo benetan zein hizkuntza erabiltzen duen baizik eta berak zein hizkuntza pentsatzen duen erabiltzen duela. Erraz nabaritzen da eguneroko bizitzan: askotan pertsona bati galdetu diodanean zein hizkuntza erabili duen elkarrizketa bat izateko beste pertsona batekin, elkarrizketa burutu eta gutxira, minutu edo segundu batzuetara, askotan jendeak ez daki zer hizkuntza erabili duen eta horrelako erantzunak jasotzen dira: "nola egin dudan nire anaiarekin... ez dakit... euskaraz... nire anaiarekin beti egiten dut euskaraz". Errepresentazio bat, beraz, besterik ez da.