50. zenbakia · 2004 (1)

Irakasle-antolakuntza propioa Euskal Unibertsitatean

J.R.Etxebarria, N.Xamardo, Jesus Mari Zalakain
Lan hau “Unibertsitatea eta Euskara” izenburu orokorra duen dossierraren atal bat dela kontuan izanik, gure ustez, gaia bere osotasuneko ikuspegitik aztertzeko, nahitaez abiatu behar dugu Euskal Unibertsitatearen kontzeptutik, “euskal” osagarriak “euskaraz ari dena” esan nahi duela onartuz; alegia, eguneroko bizitzan bere barnean mota guztietako harremanetan nagusiki eta ardatz harturik euskaraz funtzionatuko duen unibertsitatearen ikuspuntutik. Zer esanik ez, horrek ez du inolako mugarik jartzen bertako kideek beste hizkuntzetan izan behar dituzten ezagutzari eta erabilerari dagokienez, oso gogoan hartzen baititugu gaur egungo munduan hizkuntza propioaz gain beste zenbait hizkuntza erraztasunez baliatzeak dakartzan onurak. Baina ondo baino hobeto dakigu abiapuntutik bertatik, munduko unibertsitate orok duela bere hizkuntza propioa (sarri egitate hori ezkutatu nahi izaten den arren), bertako atal guztietan lehentasuna duena (nahiz beste hizkuntzez baliatzeko aukera beti irekita dagoen); horregatik, Euskal Unibertsitateari dagokionez lehentasunezko hizkuntza hori euskara dela postulatzen dugu.