42. zenbakia · 2002 (1)

Ikasleek ba al dakite euskaraz? Eta erabiltzen al dute?

Mikel Zalbide
Oharra: Idazlan hau egileak Ikastolen IX. Jardunaldi pedagogikoetan irakurritako “Ahuldutako hizkuntza indarberritzea: teoriak zer dio?�» lanaren IV. 2. 1/2. ataletatik hitzez-hitz hartua da. Ikasleek ba al dakite euskaraz? Lehenengo-lehenengo erantzuna, baikorra da ezinbestean: bai, badakite euskaraz. Euskaraz tutik ez dakien gaztea gero eta salbuespen nabarmenagoa da EAEn. Erdi-isildurik badaukagu ere, garrantzizko faktorea da hori eta ez genuke gutxietsi behar. Badakigu, ordea, benetako galdera beste dela: zenbat dakite euskaraz? Eta hor, jakina, kontuzago ibili beharra daukagu. Erantzuna ez da, gehienetan, txuri edo beltz modukoa. Ikasleak, oro har, aski euskara-maila diferenteaz ateratzen dira izan ere gure eskoletatik, 16-18 urtera iritsitakoan. Gaztelaniaz ere ez dira den-denak maila berekoak ateratzen, ez hitzez eta ez idatziz; baina euskara aldetik beraien arteko diferentziak handiagoak dira askoz. Faktore asko dira, ez bakarra, Gaussen kanpaia horren zabal-zapalean eragiten dutenak. Irakasteredu elebiduna, besteak beste. Ba ote da honezkero inor, D eredutik ateratzen diren ikasleak oro har B eredukoak baino euskaldun sendoago (eta, bide batez, elebidun orekatuago) direla ez dakienik eta B eredukoak, beren aldetik, oro har A eredukoak baino euskaldunago direla enteratu gabe dagoenik? Horixe izan ohi da, hain zuzen, murgiltze-metodoaren erakarmen-elementu nagusietarikoa (ez ordea, azterketa soziologiko xumeago batek azaleratuko lukeenez, erakarmen-puntu bakarra). Egiaren erdia erakusten du, dena den, gradazio hirukoitzaren ikuspegi horrek. Esaten duenaz gainera, ez da gutxi isilpen gordetzen duena. Isilpean gordetzen duena, berriz, badakizue zer den: etxetik euskaldun diren neska-mutil gehien-gehienak D eredura doazela eta, beraz, D ereduaren output horretan zati bat bakarrik zor zaiola ereduari berari. D ereduan ibili diren gazteek B eredukoek (eta, batez ere, Akoek) baino euskara gehiago badakite ez dela, osorik (eta, are, nagusiki?) D ereduagatik beragatik. Amezketako haurrak D ereduan ibili ohi badira bi urtetik hasita (hasieran herrian bertan, eta gero herriburu haziagoan), etxean eta kalean nagusiki euskaraz dihardutelarik eguna joan eta eguna etorri, ez da harritzekoa hemezortzi urtera iristen direnean Portugaleteko D ereduko (etxetik gehien-gehienak erdaldun huts edo erdal-elebidun nabarmen diren) ikasleak baino euskaldun garbi, bete, osatuagoak izatea. Diferentzia hori ez du noski ereduak ekarri (bietan D baita), ingurumen osoko euskaltasun-maila arras diferenteak baizik. Eredua faktore garrantzitsua da: horretan ez dago dudarik. Etxeari zein auzo-bizitza osoari eskerrak umetatik euskaldun sendo izatea ere garrantzitsua da ordea. Eta ez gara orain esaten hasiko, jakina, bietan zein den eragingarriago. Bi faktore horiezaz aparte, dena den, badira bestelako faktoreak ere eragimen bizia dutenak: ikasle bakoitzaren adimen-maila eta ikastetxearen hizkuntz planteamendu globala, besteak beste. Faktore horiek guztiek, eta beste zenbaitek, etekin-kontuaz dugun ikuspegia zabaldu eta aberastu egiten digute. Sorpresa txikiak jasotzen dira ordea, normalean, gaitasun-mailaren aldetik han-hemen agertuz doazen ikerlanetan. Ezer sakon samar aztertu bada azken hogei urtean horixe izan da, eta han-hemen jasotzen ari diren emaitza horiek badute amankomuneko hainbat puntu. Honako hauek, besteak beste: