65. zenbakia · 2007 (4)

Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan

Mikel Zalbide
(Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldiaren azalpen laburtua)   1778an jaio zen Iturriaga, Hernanin, eta herri berean hil zen handik 73 urtera, 1851n. Bazuen Agustinek, batetik, lagunarte jasoa, goi-mailakoa: Gipuzkoako jende ikasiarekin, Hernaniko eta Donostialdeko jende ilustratu eta, oro har, liberalekin bildu ohi zen sarri. Bere iritzi-aholkuak oso kontuan izaten ziren, itxuraz, goi-mailako zirkulu horietan. Iturriagaren lagunartea ez zen, ordea, jende ikasi eta goi-mailakoen alorrera mugatzen. Euskaltzale eragilea zen Agustin; bere moduko kezka-gogoak ageri zituzten gipuzkoar eta euskaldun gehiagorekin ere harreman estuak zituen. Deigarriak dira, alde horretatik, Juan Inazio Iztuetarekin izandako harremanak: “Oriyamendiko gañean” egin ohi zituzten elkarrizketak, zenbaitetan behintzat. Euskara aurrera nola atera: hori izaten zuten beren solasgai nagusia. Bost aldi bereiz litezke, Iturriagaren bizian: a) haurtzaroa eta ikasle-garaia, b) apaiz- eta pedagogo-garaia; c) ikastetxea itxi eta karlistada artekoa; d) karlistada-garaia; eta e) azken hamar urteak. Hirugarren aldian, ikastetxea itxi eta karlistada artekoan, izan zuen Iturriagak Batzar Nagusiekiko harreman-saio sendoena. Soziolinguistikazko iritzi landuenak ere garai horretan azaldu zituen idatziz. Horretaz jardungo dugu, beraz, oraingoan.