62. zenbakia · 2007 (1)

Hizkuntza plangintzak eta euskalduntze-alfabetatzea, elkarren osagarri

Arkaitz Zarraga
  1. EGOERAREN DIAGNOSTIKOA Honako artikulua, HIZNET ikastaroko sakontze egitasmoan oinarrituta dago, http://hiznet.asmoz.org/images/stories/ikerketa_lanak/AZarraga,LMartinez,MJaio.pdf orrian ikusgai. Bertan euskaltegi ezberdinetako 183 ikasleri egindako inkesten bidez burututako lan enpirikoa erabili dugu, artikulu hauetara dakartzagun hausnarketa eta proposamenak egiteko. Ikasleek duten motibazioa aztertu dugu, euskaltegietara bultzatzen dituzten arrazoiak ezagutzearren. Gure susmoa, neurri handi batean tituluren bat behar dutelako etortzen direla zen, eta neurri handian bete-betean asmatu dugu. Bide batez eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu HIZNET ikastarorako ikerketa egiten lagundu diguten AEK-ko Foruko Barnetegiko eta Gernikako euskaltegiko, Basauriko Udal Euskaltegiko, Bilbo Zaharra euskaltegiko, Ulibarri Euskaltegiko eta Zornotzako Barnetegiko lagunei. Bihoaz eskerrik beroenak ere, noski, gure lanaren tutorea izan den eta artikulu hau idaztera bultzatu nauen Maria-Jose Azurmendi irakasleari. Lan hori egiteko arrazoia argia izan da. Euskalduntze-alfabetatzean urte batzuk daramatzagun irakasleak izaki, egunerokotasunean topatzen dugun errealitateak kezkatu egiten gaitu. Ikasgeletatik ikasle asko pasatzen dira, helburu, izaera, kezka, gaitasun, eta sentsibilitate ezberdinekin. Baina ez dugu nabaritzen hauek euskararen normalizazioan duten eragina egiten den esfortzuaren adinekoa denik. Euskaltegietatik irteten diren hiztunek ez dute hizkuntza normaltasunez erabiltzeko aukerarik eta, ondorioz, euskaldun moduan jarduteko ere ez.