65. zenbakia · 2007 (4)

Hizkuntza komunitateak eta kultura euskara elkarteen ikuspegitik

Karmen Irizar
Kultura bezalako kontzeptu zabala ez da erraza definitzen, nahiz eta gure eguneroko bizitzako parte den eta giza portaeretan hainbeste eragiten duen. Hizkuntza komunitate guztiek dute zuzenean berauekin lotuta dagoen kultura bat eta jendarte gehienek hainbat kultura ezberdinen eragin zuzena dute. Kultura guztiek dituzten ezaugarri komunak zerrendatu eta tokian tokiko berezitasunak aipatu eta azal daitezke, baino definizio bakarra hertsiegia litzateke denboran zehar eta batetik bestera hain aldakorra den zerbait azaltzeko. Hala ere, kultura bat osatzen duen ezaugarri aniztasun horren artean badira komunitate baten identifikaziorako pisu berezia hartzen duten berezitasunak eta euskara elkarteen ikuspegitik hizkuntza (euskara) da euskal komunitatea identifikatzen duen ezaugarririk behinena. Hortaz, hizkuntza komunitateen ikuspegitik landu nahi genuke gaia guk. Hizkuntza kulturaren erdian jarri eta definizio bila baino, euskal kulturan eragiten duten faktoreek eta euskara elkarteek zein Topaguneak kultur sorkuntza eta hedapenean duten egitekoaz arituko gara.