32. zenbakia · 1999 (1)

Hizkuntz inkesta Frantziako erroldan

Erramun Baxok
Aurten iragan da Frantziako 33. errolda eta lehen aldikotz baziren 4 galde hizkuntzei buruz. Egia erran, lurralde guztietako eskaera zen, alde batetik argibide batzu biltzea herri hizkuntzen bilakaeraz, bestalde onarpen publiko bat ardiestea erroldaren bidez. Orain arte ukatzen ziguten hizkuntza horiek izaterik ez balute bezala. Denboraren buruan irabazi dugu. Egin dezagun negoziaketaren historia, gero galderaren testua aztertuko dugu. Ondorioak ez dira oraindik zabaldu, datorren abenduko omen dira. Baina oraindanik ikusiko dugu zer goaitatzen ahal dugun. NEGOZIAKETAREN HISTORIA Aspaldiko eskaera zen herri hizkuntzen inkesta egin zedin erroldaren bidez. Han eta hemen ikerketa soziolinguistikoak egiten dira. Baina zailatasun asko sortzen dira, laginaren fidagarritasunaz, gastuen aldetik, lurraldeen mugaren gatik ere. Ipar Euskal Herriaren edo Kortsikaren eremuak ongi definituak dira, baina noraino zabaltzen dira Bretainia edo Okzitania? Gainera, zer gertatzen da hizkuntzaren aldetik Parisen bizi diren alzazianoentzat edo Bordelen dauden euskaldunentzat?