60. zenbakia · 2006 (2)

HITZAURRE GISA 60 ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi
  Unibertsitate aurreko hizkuntza ereduen balorazioa eta proposamenak dira aztergai 60. zenbaki honetako dossier monografikoa osatuko dutenak, gaur egun hezkuntza munduan eta gizartean oro har nahiko eztabaidagarri gertatzen ari zaigun gaia. Eztabaida honetan aldizkari honek bere ekarpena egin nahian, premiazkoa ikusi zuen lehenbailehen gai honi lekua eskaintzea, horretarako ikuspegi zabala eta orokorra jarraitu nahian, parte hartzaile anitzak kontuan hartuz, eta iritzi eta balorazio ezberdinak jasoz. Beraz, gure partaidetza-eskaera zabala izan da, baiezkoa eman digutenena baino zabalagoa; hala ere, uste dugu nahiko aberatsa izatea lortu dugula, nahiko adierazgarria izatea ere bai, dagokigun eztabaida honetan modu esanguratsuan parte hartzeko.