55. zenbakia · 2005 (2)

HITZAURRE GISA 55. ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi
  Zenbaki honetan euskararen erabileraren eta normalizazioaren azterketa EAEko administrazioan dugu gai monografikoa. Aurreko zenbakian udaletako egoera aztertu genuen; oraingoan, berriz, udaletik kanpo gelditzen den administraziokoa, edo administrazioko esparru batzuetakoa, hobeto esan: HAEE-IVAP erakundea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Justizia arloa, eta Osasun arloa. HAEE-IVAP erakundea orokorra da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen eragilea delako: giza baliabideak eta antolamendua hobetzea, eta administrazio eraginkorra, efizientea, eta elebiduna ezartzea du xede, zerbitzu publikoari buruz komunak diren balioetan oinarrituta. 1983 urtean sortu zen eta, geroztik, euskara administrazioan sartzea, hedatzea, eta normalizatzea du helburu, besteak beste administrazioan bertan hizkera finkatuz. Erakunde honen zereginak dira: bai Euskalduntze Zerbitzua, administrazio publikoko langileen hizkuntza-gaitasuna bultzatzeko, antolatzeko, eta ebaluatzeko, baita Itzulpen Zerbitzua ere, itzulpen eta interpretazio zerbitzuak eskaintzeko, eta administrazio arloko terminologia finkatzeko, zabaltzeko, eta material idatzia sortzeko. Urtero plangintzatzen ditu euskararen inguruko ikastaro ezberdinak, euskara zehatza eta kalitatezkoa bermatzeko eta herritarrekiko komunikazioa euskaraz errazteko. Administrazio publikoetako langileen arlo nagusiak dira: udalak, aldundiak, Jaurlaritza, Legebiltzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea, Osakidetza eta Justizia, baina jakina da ez duela eragin berdinik izan arlo hauetan: udaletan eta aldundietan eragin handiagoa du, adibidez, Osakidetzan eta Justizia arloan baino, zenbaki honetan ikus daitekeenez. Etorkizunari begira, artikuluan egindako hausnarketetan ez da jasotzen argi administrazio arlo guztietan egingo duten plangintza eta inplementazioa; gehienez, langileen motibazioa lantzeko ahaleginetan parte hartzea aipatzen da; berriro ere ikusten da irizpidea ez dela derrigorrez legea betetzea eta lanpostuen euskara perfila definitzea eta betetzea, baizik langileen motibaziora eta borondatera jotzea. Galdera, ordea, hau da: posible al da horrela administrazioa euskalduntzea?