54. zenbakia · 2005 (1)

HITZAURRE GISA 54. ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi
  Aldizkarian beti dugu helburu euskararen erabilera eta normalizazio gaiak aztertzea; oraingoan, zenbaki honetako gai monografikoan, hau udaletan nola gertatzen ari den ikustea da nahi duguna. Hizkuntza gutxiagotuen hizkuntza normalizazioari buruz dagoen literatura zabalean askotan aipatu ohi da lehenengo zaindu eta landu ohi diren esparruak hezkuntza, gertuko administrazioa, eta hedabideak direla. Bestalde, badago eredu bat ezaguna duguna, “Reversing Language Shift” izenekoa (Fishman, 1991), eta euskararekiko aplikatua izan dena (Azurmendi, Bachoc & Zabaleta, 2001), bereziki baliagarria zaiguna eremu teoriko moduan erabiltzeko zenbaki honetako edukiaren garrantzia hobeto ulertzeko: eredu honek dio, besteak beste, oso garrantzitsua dela gizabanakoen gertuko eta eguneroko harremanen esparruak zaintzea, adibidez gertuko administrazioa. Hauxe da, hain zuzen, zenbaki honek adierazi nahi duena: gaur egun, udaletan zer egiten den euskararen erabilera bultzatzeko eta normalizazioa bideratzeko.