47. zenbakia · 2003 (2)

HITZAURRE GISA 47 ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi
  Oraingo zenbakian “Baiona-Donostia Eurohirian euskarak zer” da aztergai nagusia dosierraren atalean, eta bestelako artikuluak “Gurean” izeneko bigarren atalean ditugu. Baiona-Donostia Eurohiria zer den eta euskararekin nola lotzen den jakiteko daude lehen artikuluak eta baita zenbait adituren iritziak ere. Hitzaurrean adieraziko dira, batipat, sortzen ari diren zenbait gauza berri (aipaturiko Eurohiria, esate baterako), azken urteotan sorturiko zenbait gauza zaharren ondoan. DOSIERRA atalean sartzen den lehen artikuluak Eurohiria Europako Batasunean (EB) nola eta zertarako sortu zen adierazi nahi du, Eurohiriaren Liburu Zuria laburtuz. EBren garapenean itxuraz kontraesanekoak diren zenbait joera azaltzen dira gaur egun; horien artean: 1) batasuna lortzea zentzu guztietan, nahiz eta esparru batzuetan bakarrik nabaritu oraingoz; 2) horretarako behar diren maila ezberdineko azpilurraldeak sortu; 3) hau guztia, gaur egun dirauten muga tradizionalak ezabatuz, teorian praktikan baino gehiago bada ere.