42. zenbakia · 2002 (1)

HITZAURRE GISA 42. ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi
Euskararen erabilera zaigu, oraingo zenbakian ere, aztergai nagusia. Gurean ere, euskararen normalkuntza helburu egin dugulako, badakigu euskararen presentzia eta erabilera arrunta, aberatsa eta nahikotasunezkoa lortuz gero, bizi ahal izango garela. Hizkuntzaren erabilera, ordea, gai konplexua da, ikusmira eta modu askotan ulertu eta azter daitekelako eta aztertu behar delako. Izan ere, hizkuntzaren erabilerak anitza behar du izan, gizabanako, talde, gizarte edo hizkuntz-komunitatearen beharrak anitz diren moduan eta neurrian. Bestelako disziplinetan gertatzen den moduan, soziolinguistikan ere “printzipio unibertsalak” eraiki dira. Honakoa, adibidez: hizkuntzaren baitako aniztasuna hizkuntz-komunitateak duen konplexutasun sozialaren parekoa eta adinakoa izango da, baita beren hizkuntzaren errepertorioa ere. Edo, alderantziz esanda, hizkuntza baten errepertoriak dagokion hizkuntz-komunitatearen konplexutasun soziala adierazten du. Horregatik, egokia da hizkuntz-komunitatearen errepertorioa kontutan hartzea, “errepertorioak” adierazten duelako: 1) bai hizkuntzarekin egiten diren erabilerak desberdinak, 2) erabilera horiek hizkuntz-komunitate baten egoera eta beharrei erantzunez egiten direla. Hori da aldizkariaren zenbaki honetako muina.