63. zenbakia · 2007 (2)

Hezitzaileen prestakuntza eskola orduetatik kanpoko esparruan

Jaime Altuna Ramirez
  AISIALDIA ETA ESKOLA ORDUETATIK KANPOKO JARDUERAK: KOKAPENA ETA ZEHAZTAPENAK Tradizionalki ikastetxeek haurren aisialdian esku-hartze handirik izan ez badute ere (eskola orduak aisiarako orduen antitesia izan dira, lanerako orduen pareko), azkenaldian, eskolek aisialdiko eragile gisa duten pisua gero eta handiagoa bihurtu da. Esku-hartze hori eskola orduetatik kanpoko ekintzetan (kirola, musika, antzerkia…) eta bestelako aisialdi jardueretan gertatu da (udalekuak, egonaldiak, ludotekak...). Horrekin batera, azken urteetan, euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileek lan horretan aisialdiak duen garrantzia azpimarratu eta hizkuntza geletatik ateratzeko beharra azpimarratu dute. Dena den, aisiaren kontzeptua eta egoera zehaztean, nahasketa handiak gertatu dira eta, maiz, gehiegi definitu gabeko esparruaz aritzen gara. Sarrera gisa, beraz, kontzeptu zehaztapen batzuk egingo ditugu zertaz ari garen hobeto ulertzeko.