49. zenbakia · 2003 (4)

Euskararen kalitateaz eta abarrez

Ibon Olaziregi
    Gogoan dut, duela urte batzuk irratia entzuten nengoela, Euskadi Irratia agian, nire arreta deitu zuen gauza bat entzun nuela: Ipar Euskal Herriko pertsona bati ari zitzaizkion elkarrizketa egiten bertako gizarteari buruz. Momentu batean, euskarak Ipar Euskal Herrian duen egoeraz galdegin zion esatariak eta erantzuna honelako zerbait izan zen: euskara iparraldean urtu egin da, azukre-koxkorra uretan bezala eta ia konturatu gabe. Parabola polita iruditu zitzaidan, euskararen galera mikatzari azukrearen gozoa eransten baitzion nolabait. Geroztik azukre-koxkorraren irudia maiz etorri zait gogora. Hegoaldeko euskal herrietan gure begien aurrean gertatzen ari dena deskribatzeko ere ez dut uste hain metafora txarra denik, gurean azukre-koxkorra hain desegina ez dagoela argudiatuz kontsola gintezkeen arren.