43. zenbakia · 2002 (2)

Euskararen Kale Erabilera Gipuzkoan

Jose Felix Diaz de Tuesta
1.- SARRERA. Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Horixe da, behintzat, kalitatea ardatz duten kudeaketa sistemen irizpideetako bat. Errealitate bat neurtzea, ordea, ez da erraza edo, hobeto esanda, errealitatearen neurketa fidagarriak egitea ez da erraza. Are gutxiago baliabideak urriak direnean. Edonola ere, gogoan izan beharra dago, goian esandako kudeaketa sistemen arabera, aurrera egiten ez duenak atzera egiten duela. Zein da gaur egun Euskal Herriko hizkuntza egoera? Euskararen egoerak hobera ala txarrera egin du azken berrogei edo hogei urteotan? Hori da behin eta berriro hizkuntza normalkuntzan ari garenok geure buruari eta elkarri galdetzen dioguna. Eta ez da erraza izaten horretan ados jartzea.