64. zenbakia · 2007 (3)

Euskararen kale erabilera Bizkaian

Patxi Juaristi
2001etik gauzak ez dira asko aldatu Bizkaian, euskararen kale erabilerari dagokionez. Urte hartan gutxi gora-behera hamar bizkaitarretik batek (%11) euskaraz hitz egiten zuen kalean, eta bost urte beranduago, 2006an, antzerako egoerarekin aurkitzen gara. Alegia, gaur egun ere hamar bizkaitarretik batek (%10,4) euskaraz berba egiten du kalean. Orain dela bost urte bezala, Euskal Herriko herrialdeen artean, Bizkaia tarteko egoeran dago euskararen kale erabilerari dagokionez; izan ere, bizkaitarrak gipuzkoarrak (%32,7) baino erdaldunagoak dira, baina arabarrak (%4,7), nafarrak (%6,6) eta iparraldekoak (%4,6) baino euskaldunagoak.