50. zenbakia · 2004 (1)

Euskararen egoera Baionako Unibertsitatean (Xarles Bidegaini elkarrizketa)

Xarles Bidegain
    Azaldu iezaguzu Baionako Unibertsitatea zein unibertsitateren baitan dagoen.   Bai, bada hor aipatzen duzun izendapenean berean gauza bat zuzendu behar dena. Jartzen delarik Baionako Unibertsitatea, de facto da Paueko Unibertsitatea da aipatzen dena. Pau eta Aturri aldeko herrietako Unibertsitatea. Unibertsitate horrek baditu kanpus batzuk, eta bat Baionan dauka. Baionako disziplinarteko Fakultatea deitzen da, eta hor Zuzenbidea nagusia da bederen ikasleen kopuruaren aldetik Zientzi Ekonomikoekin batera; gero, Letra Modernoak badaude adar xume batean eta azkenean gure Euskal Adarra. Gure Euskal Adarra Baionan ttipia da, eta Baionako kanpus hori berez ez da autonomoa; ez du unibertsitate bakarra osatzen; Paueko adar bat baizik ez da. Euskararen adar horrek, ttipia izanik ere, abantaila bat badu, osoa baita, erran nahi baita, lehen, bigarren, hirugarren urteko ikasleak lizentziatura arte biltzen dituela, bai eta ere ondoko urteko ikasleak tesiraino. Euskal adarrean ikerketa-lan guziak euskaraz egiten ahal dira. Lehen, tesia Bordeleko Unibertsitatean bakarrik egiten zen, eta orain bietan egiten da: Pauen edo Bordelen, baina beti gure euskal departamenduan. Bestela erranez, unibertsitateko maila guziak badauzka Euskal Adarrak. Honen izen ofiziala da Baionako Unibersitatearteko Euskal Ikastokia. Erran gabe doa hemen aipatzen dudan antolaketa aldatuko dela, heldu den urtean indarrean jartzeko den LMD deitu erreformarekin.