54. zenbakia · 2005 (1)

Euskararen aldeko lana Zestoan

Nora Palmitano
HISTORIA APUR BAT Zestoan ez dira berriak euskararen aldeko lana eta elkarlana. Izan ere, aspalditik datorren dinamika da: gau eskoletatik gaurko euskaltegira; ikastolaren eta ikastetxearen batze prozesutik gaurko herri eskolara; Euskal Herrian Euskaraz ere, batzuetan indartsuago, beste batzuetan ahulago, aspalditik dabil herrian. Izan badira gazteagoak diren egitasmoak: Danbolin-zulo elkartea, hilero-hilero euskarazko Danbolin aldizkaria herriko etxe guztietara eramaten duena; eta Erralla bertso-eskola, bertso zaletasuna bultzatzen eta bertsotarako gaitasuna lantzen dituena. Elkarte formalez gain, garaian garaiko egitasmoak bultzatzeko talde eragileak sortu ohi dira —Korrika, AEK eguna, Bai Euskarari kanpaina,...—. Zestoako euskalgintzak askotan demostratu izan du erronka berriei ez diela beldurrik. Hor daude, eta soilik azken egitasmoak aipatzeagatik: 2002an Bai Euskarari akordio prozesua, horretan herriko euskalgintza aitzindari izan da, eta Kontseiluaren gidaritzaz, herriko eragile guztiengana euskararen mezua eraman nahian dabil; 2003an Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarien aldeko batzordeak; eta, azken-azkena sortu berri den Urola Kostako Hitza, Zestoako albisteen presentzia ziurtatzen duena. Bere aldetik, udalak ere egin du bere ahalegina euskara bultzatzeko: hasieran udaleko lanpostuei hizkuntza-eskakizunak ezarri zizkien eta 1995ean Udal Administrazioan Euskararen Erabilera Normaltzeko Araudia onartu zuen. 2000. urtean Euskara Zerbitzua eratu ondoren, Euskara Aholku Batzordea sortu zuen udalak. Horretara, lehenago aipatutako euskalgintzako eragileak gonbidatu zituen eta herritarrei ere dei zabala egin zien. Euskalgintzak, ohi zuen moduan, erronka berritzat hartu zuen proposamena: herrian euskara bultzatzeko plana definitu eta horren jarraipena egitea. Horretarako hilero elkartzea adostu genuen denon artean. Lehenengo bilera horretara etorritakoetatik 9 lagunek onartu zuten proposamena, eta bigarren bileratik aurrera talde egonkorra osatu genuen. Egungo multzo nagusia hasieratik etortzen da, talde batzuen ordezkariak aldatu dira —beren barne funtzionamenduan aldaketak eman direnean— eta ordezkari politikoak, legegintzaldiarekin batera aldatzen direnak. Hortaz, hauexek dira Zestoako Euskara Aholku Batzordean (hemendik aurrera EAB) parte hartzen dutenak: herriko euskalgintzako ordezkariak —Zestoako Herri Eskola, Ekain Guraso Elkartea, AEK Euskaltegia, Euskal Herrian Euskaraz, Danbolin-zulo Elkartea eta Danbolin aldizkaria, eta Erralla bertso eskola—, norbere izenean datozenak, ordezkari politikoak —alkatea eta zinegotzi pare bat— eta euskara teknikaria. Esan behar da, aholku batzordea bada ere, hots, erabakiak hartzeko ahalmenik ez duen arren, bertan egindako proposamenak direla gero gauzatzen direnak. Lau urte hauetan egon da salbuespen bat, bakarra —hiru toponimoen grafiaren gaineko erabakia hartu zuen Udalbatzak, Toponimia azpibatzordeak eta Euskaltzaindiak proposatutakoari kasu egin gabe, bestelako grafia ezarri zuen—. Hori ez beste proposamen guztiak bere egin zituzten Kultura eta Gobernu Batzordeek eta Udalbatzak. Horixe azpimarratu nahi dut, alde batetik neurri handi batean horregatik izan da eta da EAB dinamikoa; taldea ere horregatik da egonkorra. Beste aldetik, horrek esan nahi du kultura batzordeari proposamenak egin aurretik egin direla azterketak, hausnarketak, eztabaidak, eta negoziazioak. EABren funtzionamendua labur azalduta: gai bat proposatu egiten du euskalgintzako norbaitek, ordezkari politiko batek, edo euskara teknikariak, inolako baldintza formalik bete gabe. Askotan, ekintza zehatza proposatzen da, beste batzuetan gaia lantzeko beharra, beste batzuetan egoera baten inguruko kezka besterik gabe. Bilera horretan bertan, gaiaren lehenengo azterketa egiten dugu eta, denen iritziak eta usteak entzun ondoren, erabakitzen da gaia lantzea —eta helburuak, lortu nahi dena— eta noiz landu —berehala ala aurreragorako utziz—, ala, bestela, baztertzea. Hurrengo bileran, euskara teknikariak lantzeko aukerak aurkeztuko ditu. Horiek sakon eta zorrotz aztertuko dira, eta, denon adostasunez, kultura batzordeari egin beharreko proposamena zehazten da. Prozesua ez da beti hain erraza izan. Batzuetan, gaiak berak eskatzen duelako behin eta berriro aztertzea, proposamenak egokitzea, gehiago lantzea, eta abar. Beste batzuetan denon adostasuna lortzea ez delako hain erraza. Hasiera batean, Zestoako euskara plangintzak —eta EABaren lanak— bi adar nagusi izan zituen: alde batetik, udal administrazioari zuzendutakoa. 2000n AEBE plana onartu zuen udalak eta egun bigarren plangintza aldia garatzen ari gara UEMAren laguntza teknikoaz —2003 urtetik Zestoako Udalak UEMAn parte hartzen du—. Beste aldetik, udalerrian euskara bultzatzeko plangintza. Hain zuzen ere, Aholku Batzordeak izan zuen lehenengo lana euskararen egoeraren diagnosia egitea izan zen. Zeuden datu apurrak, norberak zekiena eta uste zuena mahaian jarri, aztertu, hausnartu, eta lehentasunak erabaki eta helburuak finkatu genituen. Ondoren, beste herrietan egindakoak aztertu eta Zestoan egiteko egokitzat eta bideragarritzat jo genituenak martxan jarri genituen. Urte eta erdiko ibilbidearen ondoren plan orokor baten beharra ikusi zuen EABk. Seguru asko, generaman martxak berak sortu zuelako, baina horrez gain, gizarte-arlo guztietan —baita euskalgintzan eta administrazioan ere— “plan estrategikoak” sortzen ari zirelako.