51. zenbakia · 2004 (2)

Euskara Lanbide Heziketan

Helena Artano, Jon Iartza
Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bitartean, gure haur eta gazteak euskaldundu behar eta euskaldundu nahi ditugu. Horretarako baditugu eredu desberdinak, A, B eta D eredu ezagunak eta eredu bakoitzaz egin dezakegu geure hausnarketa. Zer gertatzen da, ordea, ikasketa maila horiek amaitu ostean? Zer gertatzen da Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan, nahiz Lanbide Hastapeneko Ikastaroetan? Soilik A edo D ereduak ditugu eta inguruaren eta egoeraren arabera, aukera oso kaskarra da, are gehiago, aurrez egindako lana pikutara bidal dezakeelako. Eta honen aurrean, ikastetxe bateko eragile desberdinen arteko premiek, beharrek, eta interes desberdinek gatazkak sor ditzakete eta sortzen dira. Ikastetxe bakoitzak bere erantzunak ematen dizkio, ahal duen ondoen eta ahalik eta erantzunik onena, ziurrenera, baina guztien nahiak asetzen ez dituena.