66. zenbakia · 2008 (1)

Euskara eta hizketa-teknologiak

Igor Odriozola, Inma Hernaez, Eva Navas
  Sarrera Hizketa da gizakiok informazioa trukatzeko darabilgun baliabiderik naturalena eta osoena. Gaur egun, teknologia berriei esker (telefonia, irratia, telebista eta Internet, esaterako), asko zabaldu da hizketaren eta komunikazioaren erabilera-eremua, hizketa bidezko komunikazioak gizakiaren psikologian duen nagusitasunaren erakusgarri. Gizakia, batez ere, idatziz komunikatzen da makinarekin, eta eragin-truke hori ahalik eta erosoena izatea da, azken batean, hizketa-teknologien helburu orokorra, gizakiaren eta makinaren arteko komunikazioa gizakion artekoaren ahalik eta antzekoena izateko bidean. Aurki, hizketa izango da, beste zenbait modalitate naturalek lagundurik, ordenagailuarekin komunikatzeko era nagusietariko bat (Huang, 2001), eta, hizketa bidezko interakzioak oraindik erabateko heldutasuna lortu ez badu ere, gero eta aplikazio gehiagok baliatzen dituzte hizketarekin lotutako teknologiak.